Hernani, 2019ko irailaren 28a
Gaur egun kooperatiba denaren hirurogei urtetik gorako ibilbidean, sortzaile eta partaide izan diren pertsonak eta beren familiak, bereziki emazteak, aitortu ditu Mitxelena kooperatibak bere instalazioetan egindako ekitaldi batean.
Sei hamarkadatik gorako ibilbidean Mitxelena Kooperatiba sortzen, hazten eta sendotzen aritu diren partaide guztiei aitortza egin die Mitxelena Kooperatibak, gaur, irailak 28, Hernaniko bere instalazioetan egindako ekitaldi batean. Industriaren alorreko mekanizatuaren sektorean dihardu lanean Mitxelenak eta gaurko ekitaldira gonbidatu dituzte: erretiratutako langileak (gehienak kooperatibarako aldaketa egin zutenak), hornitzaileak, bezeroak, zenbait instituzioetako ordezkariak, eta Hernaniko eta Buruntzaldeko gizarte eta kulturako hainbat pertsona.
Ongietorria eginda, egungo kooperatibistek instalazioak eta makineria erakutsi dizkiete bertaratutakoei. Segidan, Mitxelenaren balioak jasotzen dituen bideoa aurkeztu zaie. Hernaniko emakumeen trainera izan da Mitxelenako bideoaren narrazioari haria eman diona. Arraunlariek aurrera egiten baitute, atzean uzten duten horri begira.
Era berean, bai ekitaldian eta baita bideoan ere, emakumeen presentzia nabarmendu nahi izan dute. Batetik, Mitxelenan lanean aritutako langile askorekin batera haien emazteak eta bikotekideek ixileko lan handia egin zutelako, garai ekonomiko eta sozial zailetan bereziki. Bestetik, gizonen presentzia handia duen industriaren sektorean, Mitxelena parekidetasunerako urrats sendoak ematen ari delako.
Ekitaldia amaitzeko, langile erretiratuek eta beren emazteek osatutako soka-dantza egin dugu Mitxelenako instalazioetan bertan, lantaldea eta komunitatea parte-hartzailea sinbolizatzen. Amaitzeko, Mitxelenaren historia kontatzen duen liburuxka eta bideoaren kopiak banatu zaizkie, taldeko argazkia egitearekin batera. Ekitaldia, ezinbestean, mokadu bat batekin amaitu da.
Etorkizunera begirako prozesua
Kooperatibaren izaeraren eta etorkizuneko helburuen hausnarketa-prozesu sakona ari da egiten Mitxelena. Etorkizuneko helburuak eta estrategiak markatzearekin batera, atzera begirako lanketa egin eta ezinbestekotzat jo zuten Mitxelenaren familia zabala osatzen duten kideei aitortza egitea.
Gero eta gehiago, mundu mailan lehiatzera bultzatzen gaituen merkatuan, nortasun eta balio definituekin aritzea da Mitxelenaren helburu nagusietako bat. Instalazioak Hernanin egonda eta kooperatibista gehienak Buruntzaldekoak izanda, herriko komunitate-sarearen parte izaten segitzen du. Azken urteetan, hainbat ekitaldi laguntzearekin batera, Hernaniko nesken arraun taldea lagundu du.
Historia laburra Hernanin 1957an sortu zuten Donostiako Antigua auzoko Mitxelena anaiek Talleres Mitxelena enpresa. Martindegi auzoan zegoen lehen lantegi hura eta mota guztietako lanak egiten zituzten, garai hartako beste hainbat enpresaren moduan: zilindroak, hidraulika, etab. Frankismoko erregimenaren bigarren aldiko nolabaiteko irekierarekin, eta industria-guneak berriz ere martxan jartzearekin bat etorri zen enpresaren sorrera. 1973an, espainiar estatuko trantsizio-garaia hastear zela, Eziago industria-gunera eraman zuten lantegiko makineria, eta gaur egun ezagutzen dugun kokalekuan jarri zuten enpresa. Tokia aldatzearekin batera, makina berriak eta handiagoak ekarri zituzten (muntaketa-tornuak, etab.). 2000. urtean kooperatiba izateko erabakia hartu zuten, aurreko urteetako kudeaketa-ereduek kinka batean jarri baitzuten enpresaren biziraupena. Gaur egun 28 langilek osatzen dute Mitxelena eta horietako 22 dira kooperatibako kideak. Espezializazio handiko lanak egiten dituzte hainbat azpi-sektoretarako: itsasontzigintza, aeronautika, energia, etab. |