Skip to main content

Kaixo adiskide:

Batel zein Trainerilla ligak eta zenbait txapelketa amaitu ostean, ‘Maialen’ emakumeen traineruaren txanda iritsi da. Taldea buru-belarri dabil entrenatzen aspaldian. Mezu honekin batera doazkizu iragan igandeko entrenamenduko argazki pare bat.

Badator lehen estropada ofiziala. Datorren igandean, ekainaren 1ean, Orion (10:30ean) ospatuko den Gipuzkoako txapelketan parte hartuko dute HERNANIKO ARRAUN ELKARTEKO neskek.

 

Norabide aproposa. Asier Ocon, traineruaren entrenatzaileak, taldearen egungo egoera azaldu du: “Amaitu diren batel eta trainerilla estropadak, gure traineruari begira, prestaketarako osagarri aproposak dira. Neskek urrats handiak eman dituzte; lehia onak osatu dituzte… Pausoz pauso goaz aurrera, esperientzia eta konfiantza pilatuz. Beraz, lorturiko emaitzak, bateletan zein trainerilletan, oso azpimarratzekoak dira”.

Aurki, ‘Maialen’ trainerua lehiatzen hasiko da. “Ez dira hiru hilabete batere samurrak izango”, azpimarratzen du Oconek. “Aurtengo gure helburua aurrera egiten jarraitzea da. Arraunlari oso gazteekin ari gara lanean, eta horrek fruituak ez ditugula berehala jasoko esan nahi du”.

Erronkak ez dira batere errazak. “Etxeko arraunlariekin traineru indartsu bat osatzea da gure kirol proiektuaren oinarria. Horregatik, harrobian ‘inbertitzen’ dugu; infantilak, kadeteak eta jubenilak dira gure oinarria. Eta prozesu hori ez da gauetik goizera lortzen; eboluzio baten ondorioa da. Hemen ez dago miraririk. Ikasketetan bezala, urte batean ezin dira hiru ikasturte osatu”.

Entrenatzaileak ez du zalantzarik arraun elkartea egiten ari den bidea aproposa dela esaterako orduan. “Halere, ibilbide horrek badu beste alde bat. Arraunlariekin lan ona egiteak beste arraun elkarteek gure harrobira begira jartzea suposatzen du; horrek guztiak bere ondorioak dauzka gure lanean. Dena dela, orain arte bezala, aurrera jarraituko dugu. Poliki-poliki, gure neskekin, kirol proiektua sendotzen ari gara”. 

Ocon baikor ageri da neskek aurki hasiko duten traineru denboraldiari begira: “Lan polita egingo dugula ez dut inolako zalantzarik. Nire ustez, laugarren edo bosgarren postuaren bueltan ibiliko gara. Hortik gora lortzen dugun guztia, ongi etorria izango da”.

 

ETE Liga. ‘Maialen’ traineruak parte hartuko duen ETE (Emakumezko Traineruen Elkartea) Ligan, guztira bederatzi traineru —San Juan, Portugalete, Camargo, Zarautz, Kaiku, Isuntza, Ondarroa, Deustu eta Hernani lehiatuko dira hamasei jardunalditan zehar. Behean, ‘Maialen’ traineruak izango dituen estropaden zerrenda doa.

ETE Ligaz gain, datorren igandeko Gipuzkoako txapelketa, eta iraileko lehen astean, Kontxako kanporaketa jokatuko dituzte HERNANIKO ARRAUN ELKARTEKO neskek. 

 

Ekainak 1: Gipuzkoako traineru txapelketa (Orion, 10:30ean).

Ekainak 21: ETE Liga (Astilleron, 12:00ean).

Ekainak 22: ETE Liga (Pasai Donibanen, 11:30ean, ETB).

Ekainak 28: ETE Liga (Donibane Lohitzunen, 12:00ean).

Ekainak 29: ETE Liga (Elantxoben, 11:30ean).

Uztailak 5: ETE Liga (Sestaon, 11:00ean).

Uztailak 6: ETE Liga (Zumaian).

Uztailak 13, ETE Liga (Lekeition, 11:00ean).

Uztailak 19: ETE Liga (Orion, 11:15etan). Estropada hau, HERNANIKO ARRAUN ELKARTEAk antolatuko du.

Uztailak 20: ETE Liga (Portugaleten, 11:30ean).

Uztailak 27: ETE Liga (Santurtzin).

Abuztuak 2: ETE Liga (Ondarroan, 12:00ean).

Abuztuak 9: ETE Liga (Camargon, 16:00ean).

Abuztuak 10: ETE Liga (Donostian, 17:00ean).

Abuztuak 15: ETE Liga (Castron, 11:30ean, ETB).

Abuztuak 16: ETE Liga (Zarautzen, 12:00ean).

Abuztuak 23: ETE Liga (Deustun, 16:30ean).

Irailak 3: Kontxako banderako sailkapen estropada (Donostian).

 

Leave a Reply

Close Menu