Skip to main content

Apirilaren 10eko goizaldean Korrikaren testigua hartuko dugu Mitxelenako kideok. Euskara bizi eta lan egiten dugu egunero, eta behar izan duten lankideei euskara irakasten eta alfabetatzen elkarlanean aritu izan gara maiz AEKrekin. Horregatik, oraingoan Korrikaren kilometro bat erosi dugu, aurtengo azkenetakoa, egun bereko eguerdian Donostian amaituko baita Korrika.

Sorreratik hala izan da, baina aurtengo Korrikaren Hitzekin leloak bereziki egiten du Mitxelenaren balioekin bat, ekintzailetza baita gure ezaugarri nabarmenetako bat. Eguneroko jardunean aritzen gara, ekin eta ekin. Euskaraz ekin ere, euskararekin dugun konpromisoa ez delako ardura bat, gure nortasunaren osagai garrantzitsuenetako bat baizik.

Euskarak munduan kokatzen gaituen moduan, euskaratik eta euskaraz kokatzen dugu Mitxelena nazioarteko industriaren sektorean, hitzekin, ekin eta ekin, makinekin, lagunekin, kideekin, bezeroekin, hornitzaileekin… Apirilaren 10ean Korrikan korrika ariko gara, ahoz eta oinez euskaraz bihotz eta arima aritzen garelako.

Close Menu